XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

30. jarduera

Etxegile batek etxe bat eraiki ondoren, lana ongi bukatu gabe utzi eta, horren ondorioz, etxea erori eta jabearen heriotza eragingo balu, etxegileak heriotz zigorra jasoko du Hammurabiren Kodea. Mesopotamia, K.a. XVIII. m.

Goiko testu horretan oinarrituz, erantzun ondorengo galderei:

1. Zer mailatako informazio iturria da hori? Zer motatakoa?

2. Zer adierazten du testu horrek?

31. jarduera

Gremioak

Aurreko jarduerako testuaren arabera, Mesopotamian ongi arautuak zeuden garai hartako lanbideak eta baita sor zitzaketen ondorioak ere.

Gauza berdintsua gertatzen zen Egipton, Erroman eta, geroago, Behe Erdi Aroan ere.

Azken garai honetan, hirien indartzearekin batera artisautza berragertzean, artisauen lana arautzen hasi zen, eta lanbide berdineko pertsonak gremiotan biltzen.

Askotan gremio berdinekoak hirietan kale berean biltzen ziren, eta horren adibide garbia dira gure hainbat herritako kaleen izenak.

Gremioen araudietan gauza asko zehazten ziren (langile motak, lan egiteko era, salneurriak...) eta artisautza sistema honek iraultza industriala bitartean iraun zuen.

Gremio ezagunenak honako hauek ziren: errementariak, olariak, ehuleak, larrugileak, tindatzaileak, etxegileak, ontzigileak, armagileak, teilagileak...

Gremioetan hiru langile mota bereizten ziren:

1. Maisua Lanabes eta tailerraren jabea.

2. Ofiziala. Soldata baten truke lan egiten zuen. Urte askotan lan egin eta maisu-lan bat egin ondoren, maisu bihur zitekeen, tailer edo denda bat zabaltzeko nahiko diru izanez gero, behintzat.

3. Ikaslea. Oso gazterik tailerrean hasitakoa. Bost edo sei urtez ikasten aritu behar izaten zuen. Gehienetan maisuaren etxean bizi ohi zen, lan egite aldera matenua doan zuela. Batzuetan gurasoek ordaindu ere egiten zioten maisuari, euren semeari ofizioa irakasteagatik.